top of page

BEGIAK IREKI

 

Zer dago milioiak uzten dituen moda industriaren atzean?

Ez dago zalantzarik isiltasuna dela gai honen gidari, baina zergatik isiltzen gara? Atzean dagoena ikusteko beldurra al daukagu? Edo zuzenean gutxi inporta zaigun gai bat da?

 

Egia esan, ezin da jakin zehatz-mehatz zergatia, baina begiak itxita bizi garela ukaezina da. Ez dugu hitz egingo bakoitzak arroparen gainean duen arduraz. Baizik eta gizarte kontsumistari buruz eta enpresari boteretsuen gizatasun zalantzagarriari buruz. Gai honen inguruan kontzientzia gehiago hartzea merezi du eta horrela behintzat errealitate itsusi honen berri izan.

 

Gai honen inguruan hitz egiteko oso lagungarria izan da 2015ean, Netflix-ek ateratako “True Cost” dokumentala  ikustea. Begiak irekitzeaz gain, gai konplexu hau bideratzeko ikuspuntu ezberdin eta beharrezkoak eman dizkigulako eta jorratuko ditugun hainbat gaien inguruan eztabaidatzeko lagungarria izan da.

 

Azken urteotan, janzten dugun arroparen prezioa orokorrean jaitsi egin da,  baina ala ere enpresen jabeek irabazi handiak izaten jarraitu dute. Argi dago hau horrela izateko, zerbait txarto egon behar dela nonbait.

 

Gero eta azpikontratazio gehiago egin dituzte enpresek arropa josteko eta guregana merke iristeko. Horrela sektore honetan eredu berri bat sortuz; moda azkarra. Honi esker, saltzeko eta erosteko modua guztiz aldatu da.

 

Urtero 2-3 tendentzia berri gehiago gehienez merkaturatzetik, astero zerbait berria ateratzera pasatu gara,  produktu gehiago saltzeko helburu bakarrarekin. Hau guztia, moda azkarrak sortu du. Gainera produktua merketzeak, gauza berri horiek gure eskuetan izateko nahia handitzen dute eta ondorioz gehiago erostera gurpil amaigabe bat bezala.

 

Baina gurpil amaigabe hau norbaitek eragin behar du. Horretarako daude enpresariak, hauek errentagarritasuna lortu behar dute eta beraz hauei dagokie moda azkarra sortzearen errua. Adibide  indartsuetako bat Amancio Ortegak sorturiko Inditex denda taldea da, bertan daude erosten ditugun ohiko denda asko edo gehienak.



Lehen esan dudan bezala, gauzak prezio merkean saltzea irabaziak ematen dizkie denden  jabeei. Hau horrela izateko, enpresek arropak egiteko prezio baxuenen bila ibiltzea ekartzen du, hau da, gero eta merkeagoa izan prozesua, orduan eta irabazi gehiago izango dituzte guri arropa saltzeagatik.


Baina arazoa prozesu merkean dator. Pertsona batzuk dira arropa egiten dutenak. Langile hauen soldatak ikaragarri baxuak izan behar dira. Dendetako enpresariek azpikontratatzen dituzten enpresen jabeak zerbait irabazi behar dutelako, gutxienez bizirauteko. Beraz soldata duinak ahaztu, eta batez ere langile hauen  lan eta beraz bizi balditzak desagertu egiten dira.

 

Ez dakit “Merkea garesti ateratzeen da” esaldia beti horrela den, baina kasu honetan zalantzarik gabe, inoiz baino gehiago. Jendea hiltzen ari da produktuak  saltzen dizkigutenek ahaztu egin dutelako lehengo pertsonak garela. Ezin da inoren sufrimendua justifikatu eta gutxiago ere batzuen sufrimendua beste batzuen gozamenerako bada.

 

Adibide garbi bat, 2013an Bangladesen erori zen eraikina da. Eraikin hau fabrika bezala erabiltzen zuten eta egoera oso txarretan zegoen. Jausi baino lehen eta erori zen egun berdinean bertako langileak jabeei jakinarazi zieten eraikinaren hormetan zirrikitu larriak zeudela, hauek beste alde batera begiratu zuten. Gutxienez 400 pertsona hil ziren.

 

Gertakari hau errealitate beldurgarri baten isla da, baina larriena ez da ezbehar zehatz bat, baizik eta hau Bangladesh eta beste 3.munduko toki askoren eguneroko bizimodua izaten jarraitzen duela eta inork ez dituela begiak nahiko irekitzen zerbait egiteko.

 

Iturria: 

https://www.netflix.com/watch/80045667?trackId=13752289&tctx=0%2C0%2C07276b77ff4c20d21f504ac343649acd60a72a00%3A3a253c3b0e3f8e3e685a056e7badcf2a4c85f57d%2C%2C 

bottom of page