top of page

 

Zutaz fida zaitez

                                                       Lidia GONZALEZ SIOTA

 

Agerikoa da telesailen munduak bat-bateko aurrerapen handia izan duela kalitate eta kantitateari dagokionez.  Azkenengo hamarkadetan, industria hau izugarrizko gorakada pairatu du, Ameriketako telesailetan eta baita hemengoetan ere.

 

Telesailak, filmak baino laburragoak izanik, edozein momentutan bihurtu daitezke atsegin. Trama entretenigarri baten aurrean jarri eta edozein motatako arazoak minutu batzuez ahazteko aitzaki ona dira zalantzarik gabe.

 

Baina nire galdera da, telesailen “boom” hau gauza berria al da, edo askotan esaten den bezala dena asmatuta dago eta egoera hau errepikapen soila da? Errepikapena izatekotan,  telesailak hobetu al dira beste garai batzuekin alderatuz?

 

Begirada atzera bota ezkero ikus daiteke ez dugula Amerika deskubritu, hau da, telesail onak eta jendearen erantzun positiboa ez dela gauza berria eta egon direla benetan telesail arrakastatsuak. Hala ere, ukaezina da garai bakoitzak bere ezaugarriak dituela eta hobekuntza ematen ari dela.

 

Bizitzea tokatu zaigun garai honetan, teknologiak aurrerapauso erraldoiak eman ditu. Kamera hobeak ditugu, grabatzeko modu interesgarri gehiago, edizio askatasun handiagoa eta ideia eta proposamen edo teknika iraultzaileak. Berrikuntza guzti hauek, filmak, telesailak eta edozein ikus-entzunezko proiektu erakargarriago egiten ditu eta beraz, jendearen arreta errazago arrapatzeko ahalmenean behintzat  irabazi dugu.

 

Berrikuntzak erantzun positiboak ditu. Horren isla da hain zuzen ere gaur egun bizi dugun momentua. Telesailak eta filmak pantailetara itsatsita uzten gaituzte eta zalantzarik gabe efektu bereziak eta gauzak egiteko eta sortzeko modu berriak dira errudun nagusia.

 

Hala eta guztiz ere,  garai bateko ikus-entzunezkoak ez dira inoiz ahaztu behar, hauek izan baitira gure abiapuntua, gure oinarri, gure indarra. Hauek gabe, gu ez ginateke egungo superprodukzioak egiteko gai izango. Gainera aditu askoren esanetan, hasierako proiektu horietako asko, oso landuak izan ziren eta batzuk gaur egungoak baino gehiago.

 

Beraz ez dugu inoiz esan behar zerbait zaharra edo ezezaguna izateagatik txarra denik edo ez zaigunik gustatuko. Baina hau ez da bakarrik telesailetan horrela izan behar. Bizitzan gauzak probatu gabe baztertzen ditugu. Horrela jokatuz, ez dugu inoiz ezagutuko benetan zerbait gustatzera iritziko zaigunik edo ez. Beraz, aukera bat eman beti eta ez gaitezen aurreiritzietaz fidatu!!!

 

bottom of page